INGURUNEA - CIN - Urbasa/Andia

Urbasa eta Andiako

Parke naturala 

Duela 65 milioi urte, itsasoak estaltzen zuen gaur Urbasa eta Andia mendilerroek hartzen duten espazioa. Itsasoko animalia eta landareen hondarrak itsas hondoan pilatu ziren, eta kareharrizko arroka bihurtu ziren. Milaka urtez, euri urak lurzoru karedun hori disolbatu du, eta haitzuloak, osinak, dolinak eta beste forma bitxi batzuk sortu dira. Horrez gain, lurpeko akuiferoak agertu dira, eta kanpora irteten dira ibai eta ubide gisa. Hori da Ubagua, Irantzu eta Urederra ibaien iturburuen kasua: azken hori natura erreserba izendatu zuten.

Urbasa eta Andiaren azalera larreek, harkaitzek eta pagadi hostotsuek osatzen dute. Oihan eta soilguneetan fauna aniztasun handia dago, horien artean zazpi saguzar espezie eta hamaika narrasti eta anfibio espezie. Horrez gain, monumentu natural izendatu dituzten bi zuhaitz daude: Otsaportilloko hagina eta Limitaciones mendiko pago harrigarria.

Antzinatik, mendilerroak erabili dituzte bazkatzeko, ehizatzeko, egurra biltzeko eta ikatza ekoizteko. Dolmen, tumulu eta menhirrek lehen biztanle horiek oroitzen dituzte. Urbasa eta Andia mendiak Koroarenak izan ziren zenbait mendez. Ondoren, errege lur horiek estatuko mendi bihurtu ziren; 1987az geroztik, Nafarroako Foru Komunitatearen jabetza dira, eta nafarrei erabilera tradizionalen eskubideak aitortzen zaizkie.

Balio geologiko, biologiko, ekologiko, estetiko, paisajistiko, arkeologiko eta soziokultural horiei esker, Urbasa eta Andia parke natural izendatu zituzten 1997an.

Deskargatu parkearen mapa-gida HEMEN

Ezagutu Nafarroako naturagune guztiak